Datorren astelehenean Hondarribiko Paradorean, arratsaldeko 7etan sinatuko da Hondarribiko Deklarazioa: Garapen iraunkorraren  XXI. mendeko gizarterako arte-hezkuntza. 2006ko martxoaren 6tik 9ra Lisboan izan zen Arte-hezkuntzari buruzko Munduko Konferentzia. Bertan, ibilbide-orrian ezarri zen XXI. mendera begira sorkuntza-gaitasuna eta kultur kontzientzia sortzeko beharrizana.

Seulen egin zen bigarren konferentzian, 2010eko maiatzaren 25etik 28ra, nabarmendu zen arte-hezkuntzak funtzio garrantzitsua daukala hezkuntza-sistemen egiturazko eraldaketan. Garapen iraunkorrerako hezkuntzari buruz 2011ko ekainaren 5ean Bonnen egin zen Deklarazioan, politikak berriro formulatzeko deia egin zen, iraunkortasunerako hezkuntzari dagokionez kontzientzia eta ulermena lantzeko, betiere kultur aniztasuna errespetatuz. Arlo honetan hartutako konpromisoa berretsi nahian, Eusko Jaurlaritzak,  Donostia/San Sebastián 2016k, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak (EHME) eta Europako Musika Eskolen Elkarteko Presidium-ak  (EMU) sinatuko dute Deklarazio berri hau, Hondarribiko Deklarazioa.

Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak, EHME-k, elkarturik dauden Musika Eskoletako zuzendariei eta baita hainbat musikariei ere, gonbidapena pasatu die ekitaldi honetan parte hartzeko. Erantzuna, datorren ostirala 29a baino lehenago eman behar da, elkartera deituz edo posta elektronikoaren bidez: ehme@ehme.eu