Datorren ostiralean, maiatzak 27, arratsaldeko 19:30etan,  BAZTARTXO Antzokian Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren  kontzertua entzuteko aukera izango dugu. Emanaldi hau,  20. Udaberriko Musikaldian barne dago eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko Udalaren babesarekin antolatu da.

Orkestra 1982ko apirilean sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak sustatu eta garatua. Andrés Orozco-Estrada da Orkestraren zuzendari titularra eta Andrey Boreyko, berriz, zuzendari printzipal gonbidatua.

Azkoitia da Euskadiko Orkestrak gehien bisitatu duen herrietako bat. Lehenengo aldia 1982an izan zen, orkestraren hastapenetan, lehenengo zuzendari izan zen Enrique Jordárekin, zeinaren jaiotzaren mendeurrena ospatu dugun duela gutxi. Orduz geroztik, hainbat programa eta formaturekin itzuli izan da Orkestra. Oraindik gogoan izango dute azkoitiarrek Andra Mariaren elizan 2007an wayne Marshallek eman zuen organo errezitaldi hura.Oraingoan ere, lehen eguneko ilusio berberarekin dator, Orkestrako kide diren Bruno Claverie eta Pascal Laffont bakarlariekin eta Howard Griffiths zuzendari gonbidatuarekin.