Ikasturte honetan eta lehenengo aldiz, Bizkargi Musika eta Dantza eskolak hirugarren adinekoentzat, Musikoterapia ikastaroa abian jarri du. Urrian zehar, ate irekien bidez, herriko adinduek aukera izan dute teknika edo terapia hau ezagutzeko. Emaitza ezin hobea izan da, azaroaren 6an ikastaroari hasiera emateko lehenengo taldea sortu da.
Lehen esperientzia izan duten talde kideekin egon ondoren, beraien iritziak jaso ditugu:
-Oso interesgarria da eta batik bat, asko disfrutatzen dugu.
-Norberaren gaitasunak eta ezgaitasunak ikusteko baliagarria da.
-Gure buruarekin egoteko espazioa eta denboratxo bat denok behar dugu.
-Norbera ezagutzeko ere, onena izan daiteke.
-Musika entzuteko denbora eta espazioa ezkaintzen zaigu.
Nerea Goikoetxea irakasleak adierazten duenez, musikoterapiaren  helburua ez da musikariak sortzea, maila guztietan nortasuna, afektibitatea eta jarrera hobetzea baizik. Baita, gaur egun, musikoterapia ere, gaixotasun ezberdinak sendatzeko eta prebenitzeko baliabide sendoa dela baiezta daiteke.