Bizkargi Musika eta Dantza Eskolan adin guztietako ikasleak aurkituko dituzu, bi urte azpiko haurrak gurasoen partaidetza barne dela, hiru urtetik sei urte bitarteko haurrak Musika eta Dantza Tailerretan eta zazpi urtetik aurrera, instrumentu desberdinak jotzen,  dantzatzen, abesten eta musika egiten hainbat taldeetan. Interes berberak batzen gaitu denok: musika gogoko dugu eta hizkuntza horretan murgildu eta ikasi nahi dugu.

Musika Hezkuntza Goiztiarrarekin, haurrengan musikarekiko gogoa eta interesa piztea zein haurraren garapen integrala sustatzea nahi da musikaren bidez; hau da, gaitasun kognitiboak, psikomotoreak, afektiboak, sozializazioa eta komunikazioa garatzea banakotasuna  eta berezkotasuna galdu gabe. Horrez gain, gurasoei aukera ematen diogu haurraren musika-garapenean parte har dezaten, ikasgelan eta kanpoan. Etapari dagozkion musika-trebetasunak garatzea ere bilatzen du, perkusio txikiko instrumentuen bitartez. Gainera, ahots egokiaren erabilera ahalbidetuko du, bai kantatzeko eta bai mintzatzeko. Eta zenbait alderdi psikomotor lantzen ditu; dantzaren, gorputz-espresioaren eta jolas erritmiko-musikalen bidez. Horiek guztiak lantzeko, abestu, entzun, dantza egin eta perkusio txikiko instrumentuak joko dituzte. Eta ipuinak, lelotegiak eta musika- jolasak erabiltzen dituzte.