Ilusio handiz BIZKARGI Musika eta Dantza eskolako webgunea aurkeztu nahi dizuegu.

Webgune honen bidez, ikastetxeko informazio guztia eskura izango duzue: izaera, eskaintza, matrikulazio epeak, arautegia, ikasplana eta antolaketari dagokion informazioa: guraso batzordea, irakasle klaustroa, organigrama, e.a.. Horrez gain, beste webguneekin ere lotura interesgarriak izango dituzue: batetik, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearekin (EHME)  eta bestetik, Txistularien elkartearekin.

 

Bestalde, ekintzei dagokien agenda, beti bistan izango duzue eta nola ez, azken argazkiak eta Musika Eskolaren ibilbide guztian jasotako argazkiak (guztira, 5.000 inguru igo dira). Hori gutxi balitz, bideoren bat ere ikusteko aukera eman nahi dugu.

 

Ikusiko duzuenez Webgune honetan, beti ere guztientzako interesgarriak iruditzen zaizkigun berriak azalduko ditugu: musikarekin edota musika ekintza eta irakaskuntzarekin lotura dutenak eta, gainontzean, garrantzitsuak iruditzen zaizkigun berriren batzuk.

 

Webgunearen sorkuntza, bertako ikasle eta gurasoa den Zezilio Salas-ena izan da.  Bera, borondate guztiarekin, lan handia hartu ondoren, bai diseinu aldetik, baita argazkiak, bideoak eta testuak  bideratzen ere, Guraso Elkartea eta irakasleei dena aurkeztu ondoren, buru-belarri hasi zen lanean eta hona hemen emaitza.
                

Helburuen artean, lehentasunezkoa, Azkoitiko herriari, gurasoei, baita ikasleei ere, eguneratutako informazio azkarra eta grafikoa ematea da. Helburu horren lorpenean guztiok zer ikusi handia izango duzue, izan ere, emaitza onena, webgunea zuentzako erabilgarria izatea da. Ikus itzazue denboran zehar musika irakaskuntzan izan diren aldaketak, hain zuzen ere, espezialitate-aukerari dagokionez, taldeen sorrera, herriko ekintzetako parte hartzeak, e.a. Argazkien bidez froga dezakezue zein nolakoa den ikastetxeko bizimodua eta ikasleen ibilbidea.

 

Eta amaitzeko, bai Guraso Elkarteak, baita irakasle klaustroak ere, esker beroenak eman nahi dizkiogu, lehenik Zeziliori eta bigarrenik, proiektu hau aurrera ateratzeko bere garaian lan egin duten guztiei:


Argazkiak: Eli Larrañaga / Pello Larrañaga / Josemari Sagarzazu /  Zezilio Salas
Bideoak: Zezilio Salas / Pello Larrañaga (Axiri) / Jon Inda / Juan Cruz Conde
Liburua: Azkoitiko Udaleko Kultur batzordea / Jabier Artetxe
Webgunearen goiburuaren  diseinua: Gorka Salas Urbina

Marijose Arregi
Zuzendaria
Azkoitian, 2010eko azaroaren 30ean

Eta zuei, ANIMATU eta SAR ZAITEZTE WEBGUNEAN!
Zuengatik eta zuentzat egin dugu.