BIZKARGI MUSIKA eta DANTZA ESKOLAREN IBILBIDEA

Donostiako Kontserbatorioak, 1979an, mende bat bete eta maila gorenera iristear zegoen urtean, musika ikasketak deszentralizatzea proposatu zuen. Lurralde osoko ikasleen matrikulazio kopuruak nabarmen gora egin zuen, eta horrek arazo bat zekarren; izan ere, ikasle horiek guztiek hainbat herritara joan behar izaten zuten beren azterketak egitera.

Azkoitian eta garai hartan, benetako erronka zen balio akademikoak izango zituen Eskola bat sortzea. Hala ere, herriko irakasleek eta gurasoek osatutako batzorde batek proiektu berria martxan jartzeko ekimena aurkeztu zuen Udalean. Proposamen hori 1983ko otsailaren 19ko udalbatzarrean onartu zen, eta horrela sortu zen BIZKARGI Musika Eskola erakunde autonomoa.

BIZKARGI Musika eta Dantza Eskolak Eusko Jaurlaritzaren behin betiko baimena 1982-83 ikasturtean lortu zuen. Eskolak behin-behineko lehen urratsak Erruki-Etxe zaharrean eman zituen, eta 1985eko urtarriletik 2015eko urtarrilera bitartean Gaztan-Enea izeneko udal eraikinean garatu zuen bere hezkuntza jarduera.

2015eko urtarrilaren 23an inauguratu zen ofizialki BIZKARGI Musika eta Dantza Eskola berria Elkargune eraikinean.

Hasieran, Musika Eskolak oinarrizko maila emateko baimena lortu zuen, eta 1991ko azaroan, berriz, maila ertainekoa. Irakaskuntza mota nahiko zorrotza zen, etorkizunean profesionalak sortzeko prestakuntza baino ez baitzen eskaintzen.

LOGSEren legeak beste ate batzuk ireki zituen musika irakaskuntzaren arloan. 1994an, BIZKARGI Musika eta Dantza Eskolak orain ematen ari den den irakaskuntza ereduari ekin zion. Gaur egun, adin guztietako ikasleek (umeek, gazteek eta helduek) jasotzen dute prestakuntza Eskolan.

Era berean, Eskola irakaskuntza modalitate guztietara irekita dago, baina betiere Eskolaren eskariaren eta baliabideen arabera. Funtsezko oinarria da Musika eta Dantza Eskolak harrobi gisa balio izatea askotariko taldeak bultzatzeko, hala nola herriko ahots-musika egiten dutenak, instrumentu- eta dantza-taldeak, bai eta beste joera berri batzuk ere.

BIZKARGI Musika eta Dantza Eskolaren ibilbide osoa behean erantsita duzuen liburuxkan (2008-2009 ikasturtean Eskolaren 25. urteurrenean argitaratutakoa) duzue.