Urriaren 17an, larunbata, arratsaldeko 6etan, Segurako Baratze pilotalekuan ospatuko da Euskal Herriko 44. Dantza Txapelketa. Bertan parte hartuko duten 28 dantzarien artean Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako 4 ikasle izango dira: Itziar Bastida – Anaitz Lizartza eta  Laura Bastida – Ekain Uzkudun azpeitiarrak. Bikote biak, Aitor Sorazu irakaslearen ikasleak dira.
Saioan, dantzariek zortzi pausoko fandangoa dantzatu beharko dute txistuz eta albokaz lagunduta, eta arin-arina, trikitiarekin. Urtero legez, hainbat sari banatuko dute: Segurako Udalaren sari nagusia, bigarren saria, hirugarren saria, Guillermo Areizaga sari berezia –lehen aldiz aurkezten direnen artean–, jantzi onenaren saria, herriko bikote onenaren saria eta lurraldeetako bikote onenen sariak.
Euskal Herriko Dantza Txapelketaren iazko edizioan, Laura Bastida eta Ekain Uzkudun bikoteak hirugarren saria lortu zuten. Bestalde, Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza bikoteak, lehenengo aldiz parte hartu eta ongien sailkatu zirenen saria jaso zuten. Zorte ona guztioi!