MUSIKA QUEERRA

Aniztasuna musikaren historian

Musika beti izan da askotarikoa. Garai, estilo eta leku guztietan izan dira gizarteak ezarritako arauetatik kanpo bizi, sortu edo adierazi diren musikariak eta artistak.

MUSIKA QUEERRA proiektuaren bidez, musikaren historiari beste begirada bat eman nahi diogu: askotan ezkutuan, isilean edo bigarren planoan geratu diren istorioak eta pertsonak ezagutuz.

Klasizismotik gaur egungo musika elektronikora, bluesetik rockera, popetik kabaretera… garai eta estilo desberdinetako zortzi artista izango dira edizio bakoitzeko protagonistak.

Proiektuak ez du soilik haien musika erakutsi nahi. Haien identitatea, bizipenak, adierazteko moduak eta musikaren historian utzitako arrastoa ere ezagutarazi nahi ditu.

Eta Euskal Herriak ere badu bere lekua. Izan ere, gure inguruko artistek, euskarak eta gure kulturak aniztasunaren eta askatasunaren aldeko istorio propioak ere badituzte.

Proiektua aldakorra izango da: denborarekin protagonistak aldatuko dira, garai eta estilo berriak ezagutzeko aukera emanez. Horrela, musikaren historia etengabe berritzen eta zabaltzen joango gara.

Ezagutzea ere heztea baita.

Musika. Historia. Identitateak. Aniztasuna.